1. Eskubide sozialak eta herritarren eskubideak, autogobernuaren ardatzak

Testu artikulatu berriak funtsezko eskubide eta askatasun indibidual eta kolektiboak aintzatetsiko ditu, herri-subiranotasunaren eta, beraz, euskal herritarren berdintasunaren eta kohesioaren adierazpen baitira. Hobeto bizitzeko eta bizikidetza hobetzeko akordio politiko berri bat proposatu dugu, euskal gizarte moderno, askotariko, berdinzale eta kohesionatua eraikitzeko bidean aurrera egin ahal izateko. Gizarte horrek oinarrizko eskubide eta betebeharren gaineko konpromisoa hartuko du, eta emakumeak eta gizonak baldintza beretan biziko dira eta hartuko dituzte erabakiak.

Euskal nortasuna ikuspegi barneratzailearekin eraikitzen da: gizarte-edukiak autogobernuaren erdigunean jartzen ditu, hau da, herri-proiektuaren egituraren ardatz dira. Euskal herritarrak pluralak dira, askotarikoak, eta gehiengoa solidarioa da eta justizia sozialarekin eta berdintasunarekin engaiatuta dago. Horren erakusgarri dira herritarren elkarte-sare sendoa eta mobilizatzeko eta politikan eragiteko duten gaitasuna. Haiek sustatu dituzte, izan ere, euskal erakundeek lantzen dituzten politika sozial, kultural eta linguistikoen elementu bikain eta berritzaileenak.

Agerikoa da euskal herritarren kezka nagusiak giza eskubideak, eskubide sozial, ekonomiko, politiko eta kulturalak eta ingurumen-eskubideak direla, besteak beste. Eta hori da etorkizuneko gure oinarrizko arauak kezken eta zereginen ardatzean gizarte-gaiak jartzeko arrazoi nagusi eta garrantzitsuena; herritarrek izan behar dute protagonista, erkidegoa aktiboa baita. Gauzak horrela, gure autogobernua sakontzearen eta eguneratzearen helburua da, halaber, gure erkidego politikoaren gizarte-bokazioa indartzea.

Alde horretatik, legezko testu berriak aintzat hartu beharko luke eskubide eta askatasunen gaineko doktrina-bilakaera berria, eta funtsezko legean sartu beharko lituzke gizarte bidezkoagoa eraiki ahal izatea ziurtatzeko oinarri eta bermeak.

2. Eskubideei buruzko bi titulu: bata herritarren eskubideena eta bestea emakumeen eskubideena

Indarrean dagoen 1979ko testuan, 9. artikuluak bakarrik aipatzen ditu, labur-labur, herritarren eskubideak. Etorkizuneko testuak artikulu hori landu behar du, bi titulu luzetan, pertsonen bizitzaren arlo eta maila guztietako eskubide guzti-guztiak zehatz-mehatz jasotzeko.

Eskubide horiek bigarren eta hirugarren belaunaldiko giza eskubideetan izango dute eragina, bereziki. Testuak asmo handikoa, aurrerakoia eta errealista izan behar du, gure herrialdeko erronka eta desafioen arabera moldatua. Funtsean, asmoa da katalogo oso eta aurreratu bat sortzea, euskal herritarren oinarrizko eskubide eta betebehar indibidual eta kolektiboen gutun bat.

Beraz, helburua da, batetik, banako eskubideen eta eskubide kolektiboen zerrenda luze bat aintzatestea, ez bakarrik eskubide zibil eta politikoena, baita eskubide sozial, kultural eta ingurumenekoena ere; eta, bestetik, eskubide horien edukia giza eskubideen nazioarteko zuzenbidearen estandar aurreratuenen arabera zehaztea.

Kontuan hartu behar dira errealitate berriak, bereziki zaindu beharreko babesgabetasun-egoerak, hala nola kalitatezko enplegua lortzea, teknologia berrietarako sarbidea, datuen babesa, mendekotasun egoeretako autonomia pertsonala, adinduentzako eta adingabeentzako bermeak, familien babesa eta kontsumitzaile eta erabiltzaileen babesa.

Euskal gizarteak berak onartu du premiazkoa dela emakumeen eta gizonen arteko benetako berdintasuna ziurtatzea. Gure erakundeen lehentasunezko agindu bat da, irrika politiko eta sozial geroraezina, emakumeek emakume izate hutsagatik bizi duten zuzeneko indarkeria estruktural eta kultural askotarikoan oinarrituriko diskriminazio eta desparekotasun estrukturalak errotik kentzeko.

Horren haritik, erronka ez da aintzatespen formal hutsarekin etsitzea. Helburua da jauzi handi bat ematea, hau da, gure oinarrizko arauan benetako berdintasuna, emakumeen eskubideak eta indarkeria matxistarik gabeko gizartean bizitzeko eskubidea sartzea, gure bizikidetzaren sortze-balio eta oinarrizko euskarri gisa. Etorkizuneko legezko testuan leku nabarmena eduki behar du, eta, horretarako, ezinbestekoa da berdintasunari eta emakumeen eskubideei buruzko titulu espezifiko bat moldatzea eta lege berriko titulu, atal, kapitulu eta artikulu guzti-guztietan genero-ikuspegia zeharka sartzea.

 3. Eskubideen gaineko ikuspegi berritzailea

3.1.   Eskubideak, bermeak eta erantzukizunak

Autogobernu osoa zeharkatu behar duen ikuspegi berriak hiru kontzeptu hartu behar ditu aintzat: batetik, eskubideak; bestetik, bermeak, hau da, euskal erakunde publikoek zer konpromiso hartu behar dituzten herritarrek beren eskubideak benetan eta eraginkorki erabili ahal izan ditzaten; eta, azkenik, herritarren erantzukizunak, eskubide horiek erabili ahal izateko.

Botere publikoek betekizunak hartu beharko dituzte beren gain, herritarrek beren eskubide eta betebeharrak erabiltzea ziurtatzeko. Betebehar horien artean dira, adibidez, besteen osasuna errespetatzea, berdintasuna, partaidetza, ingurumena errespetatzea eta zergak ordainduz guztien ongia zaintzen laguntzea.

3.2. Gizarte-eskubideak blindatzea

Gure autogobernuaren berritzeak eta sakontzeak mezu hau bidali behar dio seguru sentitzen ez den euskal herritarren gehiengoari: Euskadin inor ez da atzean geldituko. Erakundeek berriz asmatu behar dituzte ezartzen dituzten mekanismo, tresna eta politikak, herritarren ongizatea, bizi-proiektuen garapena eta oparotasuna ziurtatzeko. Gure autogobernuak ematen dizkigun tresna guztiekin, pertsonen babesean sakondu behar dugu; herrialdearen lehentasunetako bat da hori.

Horregatik guztiagatik, lehen eta bigarren belaunaldiko giza eskubideek, formalki aintzatesteaz gain, benetan gauzatzeko estatutu-berme guztiak eduki behar dituzte. Eskubideen edukiak modu partizipatiboan zehaztu behar dira, gizarte-agenteei eta herritarrei ahotsa eta erabakitzeko ahalmena emanez.

Halaber, gizarte-eskubideak blindatzeko, nahitaezkoa izango da oinarrizko gizarte-eskubideak betetzeko aurrekontu nahikoa jartzea eta zerbitzu publiko unibertsalak finkatzea.

Ikuspegi horrek eskubideak benetan blindatzeko aukera ematen du, goi-mailako lege organikoa izanik, ez delako gobernu-gehiengoen zoriaren mende geratzen, gobernu horiek edonolakoak direlarik ere, eskubide eta bermeak lege arrunten bidez aldatzea.

3.3.   Eskubide indibidual eta kolektiboak bateratzea

Zalantzarik gabe, eskubide indibidual eta kolektiboak bateratzea zenbaitetan ez da erraza izaten. Ordea, testuingurua gero eta konplexuagoa eta zalantzagarriagoa den honetan, bi maila horiek ikuspegi positibo eta ez-murrizgarriarekin landu behar dira. Hau da, herritarrei beren eskubideak erabiltzeko tresna, baliabide eta aukera gehiago emateko abagunea izan behar du.

Beraz, eskubideak erabiltzen dituzten pertsonek eta dauden kolektiboek izan behar dute eskubide horien ardatzak. Horren harira, asmoa da, batetik, emakumeen eskubideen gaineko titulu espezifiko bat egitea; eta bestetik, gizarte-kolektibo jakin batzuen gaineko ikuspegi espezifiko bat sartzea (kolektibo horiek dira, besteak beste, gazteak, haurrak, nerabeak, migratzaileak, errefuxiatuak eta euskal ijito herria).

Orobat, nahitaezkoa da Estatutuak honako hauek aintzat hartzea: haur eta nerabeen interes gorenaren printzipioa; politika publikoek pertsonengan duten eragina adinaren arabera (adinduak eta gazteak); migratzaileen eta errefuxiatuen gaineko ikuspegi espezifikoa; eta gure gizarteak tradizionalki diskriminatu duen kolektibo baten, hau da, euskal ijito herriaren gaineko ikuspegi espezifikoa.

Kolektibo horiek oso kalteberak direnez edo historikoki baztertuak izan direnez, eskubideak aukera-berdintasuna oinarritzat hartuta erabili ahal izateko ekintzak antolatu behar dira.

 3.4. Feminismoa, funtsezko elementua

Konpromiso feminista asmo-adierazpen huts izan ez dadin, ikuspegi dual baten bitartez gauzatu beharra daukagu. Ikuspegi horrek elkarri estuki loturiko bi estrategia osagarri ditu, eta estrategia horiek balioko digute arlo guztietan modu estrukturalean esku hartzeko eta emakumeen oinarrizko eskubideak blindatzeko:

  • Genero-ikuspegia zeharka eta interpretazio-esparru feministarekin integratzea: hasiera-hasieratik behar adina blindatze-lan egitea, benetako berdintasuna gizartearen eremu guztietan sustatzeko eta, era horretan, desparekotasuna errotik kentzeko.
  • Atal espezifikoak sartzea, ordenamendu juridiko androzentrikoak emakumeen oinarrizko eskubideekin duen betebehar historikoa zuzentzeko.

Jauzi kualitatibo bat egiteko eta orain arte gai horren gainean egindako legeria espezifikoa gainditzeko garaia da. Aurrerapauso hori ematea behar-beharrezkoa da gizartearen arlo guztietan modu estrukturalean esku hartzeko eta emakumeen oinarrizko eskubideak hierarkizatzeko eta blindatzeko.

 4. Nazioarteko eskubide-esparrua jasotzea

Eskubideen berezko zerrenda egiteko aukeraz gain, itun sozialaren, bizikidetzaren eta emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren oinarriak jartzeko, garrantzi berezia du etorkizuneko gure oinarrizko arauan giza eskubideak zaintzen dituzten nazioarteko zuzenbideko tresnak jasotzeak.

Gure testu berri honen moduko arau konstituzional eta erdi-konstituzionaletan behin eta berriz agertzen dira eskubideen nazioarteko esparruen gaineko aipamenak. Esparru hori osatu ohi dute 1948ko Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalak eta geroko tresnek, hala nola Eskubide Zibil eta Politikoen Nazioarteko Itunak eta Eskubide Ekonomiko, Sozial eta Kulturalen Nazioarteko Itunak. Horiekin batera berariaz aintzatetsi behar da emakumeen eskubideen nazioarteko esparrua, zeina honako hauek osatzen baitute: emakumearen aurkako diskriminazio-mota guztiak deuseztatzeko ituna (CEDAW) eta dagokion hautazko protokoloa, batetik; eta, bestetik, Europako Erkidegoa eratzeko Itunean eta Europar Batasuneko Oinarrizko Eskubideen gutunean berdintasunaren gainean agertzen diren aipamenak.

Halaber, testu berrian bakearekin, elkartasunarekin, ingurumenarekin eta abarrekin zerikusia duten eskubideak aintzatesteko aurrerapausoak eman behar direla irizten diogu; eskubide horiei hirugarren belaunaldiko eskubide esaten zaie. Eta uste dugu, orobat, testuak garapen teknologikoarekin eta informazioaren, komunikazioaren eta ziberespazioaren teknologiekin zerikusia duten eskubideak ere jaso beharko lituzkeela.

5. Herritarren eskubideak lantzea

Eskubideak testu artikulatu gisa nola zehaztu eta etorkizuneko legean non kokatu azkenean aditu-talde batek aztertu eta erabakiko duen arren, nahitaezkoa da eskubide horien gaineko gogoeta politiko eta sozialak egitea.

 5.1. Gizarte-esparrua

5.1.1.        Diru-sarrerak bermatzeko eskubidea

Euskal herritarrek beren premiak betetzeko diru-sarrera nahikoa izateko eskubidea dute, bizimodu duina izateko, pobreziaren atalasearen gainetik. Dibertsitate funtzionalari, informazioaren eskuragarritasunari eta abarri dagokienez, eskubide hori unibertsala izango da.

Emakumeen eta gizonen arteko desparekotasun estrukturala eta pobreziak eta gizarte-bazterketak generoaren arabera duten eragina direla-eta, diru-sarrerak bermatzeko politiketan genero-ikuspegia sartu behar da.

5.1.2. Hezkuntza-eskubidea

Euskal herritarrek eskubidea dute bizitza osoan hezkuntza publiko, doako, baterako, inklusibo, kalitatezko, berdinzale, euskaldun, laiko, unibertsal eta bizilekutik gertukoa jasotzeko. Eskubide horrek, gainera, euskal hezkuntza-sistema goitik behera egituratu behar du.

Euskal botere publikoek hezkuntza-eskubidea nazioarteko estandarren arabera ziurtatzeko behar den aurrekontua jarriko dute.

 5.1.3. Osasun-eskubidea

Euskal herritarrek eskubidea dute osasunerako eta osasun-sistema publiko, unibertsal, doako, planifikatu, kalitatezko, eraginkor, unibertsal eta bizilekutik gertukoa izateko. Sistema horrek, gainera, prebentzioari garrantzi berezia eman behar dio, konfidentzialtasuna errespetatu behar du eta nahiak aurrez adierazteko aukera eman behar du.

Halaber, osasun-sistemak arreta berezia emango die emakumeei, eta oso kontuan hartuko ditu haien sexu- eta ugalketa-eskubideak. Alde horretatik, modu aktiboan jardungo du indarkeria matxista prebenitzeko eta errotik kentzeko eta generoaren araberako osasun-desparekotasunak deuseztatzeko.

Euskal herritarrei osasuna babesteko eskubidea formalki aintzatesteak euskal botere publikoak behartzen ditu osasun publikoa zaintzera eta prestazio publikoak ziurtatzera. Horretarako, neurri prebentiboak eta osasuna eta osasun-prestazio indibidualak sustatzeko neurriak eta behar adina baliabide jarriko dituzte.

Euskal botere publikoek osasun-eskubidea Europako estandarren arabera ziurtatzeko behar den aurrekontua jarriko dute.

5.1.4.        Zaintza jasotzeko eskubidea eta erantzunkidetasuna

Euskal herritarrek bizitza osoan zaintza jasotzeko eskubidea dute, bizi-egoeren eta bizitzako aroen araberako premiak kontuan hartuta. Horretarako, zaintza-sistema publiko oso, integratu eta unibertsala eratuko da, zeinak zaintza horiek eskubide subjektibotzat hartuko baititu eta eskubide hori benetan erabil ahal izatea ziurtatuko baitu.

5.1.5. Beste eskubide batzuk

  • Euskal herritarrek gizarte-inklusiorako eta euskal erakundeek zerbitzu publikoen bitartez inklusio hori ziurtatzeko eskubidea dute.
  • Haur eta nerabeek eskubidea dute beren "interes gorena" lehentasun gisa aintzat har dadin eragiten dieten neurri eta erabaki guztietan, nola arlo publikoan hala pribatuan.
  • Adinduek eskubide hauek dituzte: beren duintasuna errespetatzea; haurrak bailiran ez tratatzea; ekonomia aldetik burujabe izatea eta, beraz, beren premiak betetzeko eta duintasunez bizitzeko diru-sarrera nahikoa izatea; beren bizi-proiektua gauzatzea eta beren erritmoak, erabakiak eta sexualitatea errespetatzea; arlo sozial eta politikoan parte hartzea; eta erakunde publikoek eskubide horiek erabiltzea errazteko baliabide eta zerbitzu publikoak jartzea eta beren premia eta nahietara egokitzea.
  • Euskal herritarrek eskubidea dute norberak eta etxean erabiltzeko ur osasungarri, onargarri eta eskuragarri nahikoa izateko, arrazoizko prezioan; baita elikadura egoki, osasungarri eta kalitatezkoa izateko eskubidea ere. Horretarako, euskal erakundeek horniketa-zerbitzu publikoak ziurtatuko dituzte, maila guztiak barne hartuta: biltzea, tratatzea, banatzea eta garbitzea.
  • Euskal herritarrek eskubidea dute elikagai egoki, osasungarri eta kalitatezkoak eskuratzeko erregularki, iraunkorki eta murrizketarik gabe. Horretarako, euskal erakundeek lehen sektorea eta elikagaien ekoizpen jasangarri eta tokikoa babesteko politika publikoak antolatuko dituzte, besteak beste.

5.2. Esparru ekonomikoa

5.2.1.       Enplegua eta lan-harremanak izateko eskubidea

Euskal herritarrek eskubidea dute enplegua izateko, lanbide edo ofizio bat libre aukeratzeko, lantokian eta lanbideagatik ez diskriminatzeko, ordainsari zuzen eta duina jasotzeko eta langabeziaren aurrean babes eraginkorra jasotzeko. Halaber, lanbidean prestatzeko eta igotzeko eskubidea dute.

Erakundeek langileek enpresan parte hartzeko moduak bultzatuko dituzte eta langileek dagozkien lan-eskubide eta eskubide sindikalak erabili ahal izatea ziurtatuko dute. Horretarako, prebentzio-, kontrol- eta ikuskaritza-tresnak sortuko dituzte, langileen osasuna, segurtasuna eta duintasuna ziurtatzeko baldintzak jartzeko.

Horrez gain, enplegu-zerbitzu publiko espezifiko eta esklusibo bat izango dute, unibertsala, doakoa eta eraginkorra; eta lan-harremanetarako euskal esparru bat sustatuko dute. Esparru horretan gizarte-akordioak eta negoziazio kolektiboa bultzatuko dituzte, lanbide arteko akordioak adosteko, eta akordio horiek ezarriko dituzte, gutxienez, gure lurraldeko bizi-mailaren araberako gutxieneko soldata, gehieneko lanaldia eta zaintzeko baimenak. Gainera, estatuko gutxieneko atalaseak hobetuko ditu beti.

5.2.2.        Gizarte-aurreikuspeneko sistema bat izateko eskubidea

Euskal erakundeek begiratu behar dute gizarte-aurreikuspeneko sistema publiko, unibertsal eta solidario bat izan dadila, zeinak ziurtatu behar baitu herritarrek, bereziki ere adinduek, bizimodu duina izatea.

5.2.3.        Garapen ekonomiko jasangarria, oparoa eta demokratikoa izateko eskubidea

Euskal erakundeek Euskadiren eta euskal herritarren garapen ekonomikoa sustatuko dute, printzipio hauek oinarritzat hartuta: giza garapen jasangarria, lurraldeen arteko kohesioa eta elkartasuna, aukera-berdintasuna eta justizia sozialean oinarrituriko errentaren banaketa.

5.3. Hiri-eremu erkideen esparrua

5.3.1.        Etxebizitzaz gozatzeko eskubidea

Herritarrek etxebizitza duin, eskuragarri eta irisgarriaz gozatzeko eskubidea dute. Erakundeek etxebizitza-politika bateratu eta jasangarriak diseinatuko dituzte eta, horretarako, zerbitzu publikoak izango dituzte, baliabide nahikoarekin. Halaber, hirigintza-aprobetxamendu berri guztietan lurzoru publikoko gutxieneko erreserbak ezarriko dituzte.

5.3.2.        Ingurumen osasungarria izateko eskubidea

Herritarrek eskubidea dute ingurumen osasungarria izateko, beren osasuna eta ingurumena arriskuan jar dezaketen agente fisiko, kimiko edo biologikorik gabea. Horrez gain, eskubidea dute lurraldeko naturaz eta naturaguneez gozatzeko, kalte-galerarik eragin gabe. Halaber, eskubidea dute etxeko oinarrizko energia-premiak betetzeko eta iturri berriztagarriekin norberak kontsumitzeko energia sortzeko.

Euskal erakundeek herritarren eguneroko bizimoduaren ingurumen-inpaktua gutxitzeko zerbitzu publikoak izango dituzte, hala nola hondakin-urak araztea, gaikako bilketa, hondakinen tratamendua eta garraio publiko jasangarria. Orobat, etxeko eta basoko animaliak etikoki tratatzeko eskubidea errespetatzea zainduko dute.

 5.4. Kultura-esparrua

5.4.1.        Kulturarako sarbide unibertsala

Herritar guztiek, edozein dela ere haien kondizio soziala, bizilekua, jaioterria, dibertsitate funtzionala eta egoera ekonomikoa, kultura eskuratzeko eskubidea dute, eta euskal erakunde publikoek eskubide hori ziurtatu behar dute. Horrez gain, kultura sortzeko, konpartitzeko eta zabaltzeko eskubidea dute, eta, horretarako, sustapen-politika eta -bide publikoak antolatuko dira.

 5.4.2.        Hizkuntza-eskubideak

Herritar guztiek dute eskubidea euskara ikasteko –berezko hizkuntza, kohesio-elementua eta ondare partekatua–, doan, bizitzan eta lanean normal moldatzeko komunikazio-gaitasuna eskuratu arte. Halaber, erakundeekin nahi duten hizkuntza ofizialean aritzeko eskubidea dute, eta euskal erakundeek eskubide hori benetan erabil dezaketela ziurtatuko dute.

5.5.   Herritarren partaidetzaren esparrua

Euskal herritarrek informazioa bitarteko fisiko, presentzial eta telematikoen bitartez eskuratzeko eskubidea dute. Erakunde publikoen eginkizuna izango da gardentasuna eta herritarrek informazioa eskuratzeko duten eskubidea ziurtatzea. Beraz, aldizkako informazio-kanpainak egingo dituzte, estandar irekiak erabiliz.

5.6.   Dibertsitatearen eta aniztasunaren esparrua

5.6.1.        Euskal ijito herria aintzatestea

Ijito herria duela 500 urte finkatu zen Euskadin. Berezko kultura eta hizkuntza ditu eta, kultura-adierazpen guztiek bezala, giza eskubideen esparruan aintzatestea eta babestea merezi dute.

 5.6.2.        Sexu- eta genero-aniztasuna

Euskal herritarrek duintasunaz eta askatasunaz gozatzeko, norberaren nortasuna garatzeko eta aintzatesteko eta errespetuz tratatzeko eskubidea dute. Nortasunari dagokionez, nork bere gorputza, sexua, generoa eta sexu-jarduera eta -orientazioa definitzeko eskubidea du. Inor ezingo da behartu bere sexu-orientazioa, sexu-ohiturak eta genero-adierazpena edo -nortasuna ezkutatzera, aldatzera edo ukatzera.

5.6.3.        Erlijio- eta kultura-aniztasuna

Euskal herritarrek jatorri geografiko, nortasun kultural eta erlijio-sinesmen askotarikoak dituzte, eta eskubide eta betebehar berberak. Horregatik, euskal herritar guztiak balioetsi eta zaindu behar ditugu, betiere giza eskubide guzti-guztien errespetu arduratsua oinarritzat hartuta.

Laikotasunaren printzipioak gidatuko ditu euskal erakundeak.

6. Emakumeen eskubideak garatzea

6.1. Zeharkako elementuak

Gizartea berdinzalea izan dadin, emakumeek eskubidea dute bizimodu duina, burujabea, osoa eta indarkeria matxistarik eta diskriminazio zuzeneko edo zeharkakorik gabea izateko. Halaber, aukera-berdintasunerako eskubidea dute, kontuan hartuta emakumeentzat abiapuntua desberdina dela bizitzaren arlo guztietan.

Bizitzaren arlo guztietan indarkeria matxistarik eta diskriminazio zuzeneko edo zeharkakorik gabe bizitzeko eskubidea dute. Eskubidea dute emakume izate hutsagatik edo genero-estereotipo edo -aginduengatik zaintza-lanak eta etxeko lanak egitera ez behartzeko edo baldintzapean ez jartzeko. Orobat, eskubidea dute gainerakoen kondizio eta tratu berberekin eta bizitzako aro bakoitzeko premien arabera zain ditzaten.

Horretarako, euskal erakundeek genero-ikuspegia zeharka lantzea ziurtatuko dute eta afirmazio-ekintzako behar adina neurri hartuko dituzte politika publiko guztietan. Horrez gain, elkartegintza feminista, emakumeena, eta berdintasunarekin eta diskriminaziorik ezarekin zerikusia duten jarduerak sustatuko dituzte.

6.2. Gizarte-arloa

Emakumeek eskubidea dute beren bizi-proiektua askatasunez eta gizonen aukera berekin gauzatzeko, proiektu hori generoan oinarrituriko aurreuste, agindu edo estereotipoek eten, eragotzi edo menderatu gabe.

Emakumeek eskubidea dute beren nortasuna eta gaitasun pertsonala beregain garatzeko eta duintasunez bizitzeko, bizitzako aro bakoitzeko bereizgarriak kontuan hartuta.

Bizitzaren jasangarritasuna eta iraunkortasuna ziurtatzeko erantzukizuna izatea eragozten duen gizarte-egituraren aurrean, zaintza-eredu sozial bidezkoa eratu behar dugu, non emakumeek zaintzeko eskubidea izango duten, betebeharrik eta gizarte-baldintzarik gabe, eta baita duintasunez zain ditzaten ere.

Horren harira, ezinbestekoa izango da zaintza eskubide subjektibo gisa aintzatestea eta, horretarako, gizartean, hezkuntzan, osasunean eta abarretan politika unibertsal eta bateratuak antolatzea. Alde horretatik, erakundeek zein merkatuek eta gizonek zein emakumeek erantzukide izan behar dute, ezinbestean.

Gizartea berdinzalea izan dadin lortzeko bidean aurrera egiteko, emakumeek indarkeria matxistarik gabe bizitzeko eskubidea izan behar dute. Horretarako, zeharkako politika bateratuak egin behar dira, indarkeria horien adierazpen zuzen zein zeharkakoei (estrukturalak eta kulturalak) aurre egiteko.

Emakumeen eta gizonen arteko desparekotasun estrukturala eta pobreziak eta gizarte-bazterketak generoaren arabera duten eragina direla-eta, diru-sarrerak bermatzeko politiketan genero-ikuspegia sartu behar da. Euskal botere publikoek eskubide hori ziurtatuko dute. Jardueraren oinarri izango dira, batetik, sarbidea unibertsala, berdina eta zuzena izatea; eta bestetik, genero-ikuspegia integratzea.

Emakumeek eskubidea dute genero-ikuspegia aintzat har dadin gizarte, hezkuntza, ekonomia, kultura, osasun, etxebizitza, ingurumen, justizia eta segurtasun arloetan, besteak beste. Hau da, arlo horietan kontuan hartu beharra dago emakumeen eta gizonen desparekotasuna estrukturala dela eta emakumeek premia, interes eta proposamen espezifikoak dituztela. Gauzak horrela, diskriminazioa eta desparekotasuna ez errepikatzeko behar diren neurriak hartu behar dira.

6.3. Arlo ekonomikoa

Emakumeek autonomia ekonomikoa, beren diru-sarrerak eta baldintza duineko enplegua izateko eskubidea dute, baita ekonomiak baliabideen banaketa bidezkoa eta banan-banakoa ziurtatzeko eskubidea ere.

Emakumeek, enpleguari dagokionez, eskubidea dute enplegua lortzeko baldintzak, laneko kondizioak, prestakuntza, igoera, ordainsaria eta iraungitzea gizonenen berdin-berdinak izateko.

Emakumeek eskubidea dute etxeko lanak eta zaintza aintzat hartuak izan daitezen bizitzari eusteko eta gizarte-ugalketarako ezinbesteko jarduera gisa. Horretarako, euskal erakundeek zaintza eskubide subjektibotzat aintzatetsiko dute, politika unibertsal eta bateratuen bitartez, eta erakundeak, merkatua, erkidegoa, etxeko bizikideak, emakumeak eta gizonak erantzukideak izango dira. Halaber, aurrekontuak genero-ikuspegia kontuan hartuz egingo dituzte.

6.4. Arlo politikoa

Emakumeek demokrazia parekiderako eta demokrazia horretan modu aktiboan eta aukera berdinekin parte hartzeko eskubidea dute. Demokrazia horretan, gainera, ordezkaritza- eta gobernu-organoetako eta administrazioko lanpostuen banaketak parekidea izan behar du, eta erabakiak hartzerakoan ere parekidetasuna zaindu behar da gizarteko esparru guztietan, hala publikoa nola pribatuetan.

Emakumeek eremu ez-mistoetan antolatzeko eskubidea dute, ahalduntze indibidual eta kolektiboa sustatzeko eta beren premia, interes, balio eta proposamenak sortzeko, lantzeko eta zabaltzeko.

 6.5. Sexu- eta ugalketa-arloa

Emakumeek eskubidea dute beren sexualitatea libreki bizitzeko eta beren sexu-jarduerak kontrolatzeko, edozein dela ere sexu-orientazioa, baita beren erabakiak errespeta ditzaten ere, inposiziorik gabe, gizarteak horregatik epaitu eta zigortu gabe. Beren gorputzaren eta sexu- eta ugalketa-osasunaren gaineko erabakiak hartzeko eskubidea dute, haurdunaldia etetea erabakitzeko eskubidea barne.

Gehiago irakurri

Elkarrizketak

  1. patxi alaña arrinda

    Euskerak ez du inoiz benetako ofizialtasun osorik izan eta bere kontra lege pilo bat egon dira. Horrela, estatu bien etengabeko zapalketarekin euskeraren ezagutza %25ean eta erabilera %12an egotea lortu dute. Horri buelta ematea ezinezkoa da orain estatu bien hizkuntzak eta euskera maila berean jarrita, edo euskera beherago badago orain bezala. Horregatik euskerak gaztelerarekiko eta frantsesarekiko lehentasuna izan behar du, legez eta praktikan, diskriminazio positiboa emanez. Testu hau jarriko nuke: Euskera lehentasunezko hizkuntza izango da. Ondorioz, administrazio publikoetan euskera lan hizkuntza izango da eta, gaztelera eta euskera, zerbitzu hizkuntzak. Zerbitzu publikoak eskaintzen dituzten enpresa pribatuek eta administrazioen dirulaguntzak edo baimenak jasotzen dituzten enpresa eta elkarteek zerbitzu osoa, berbaz eta idatziz, bi hizkuntzetan eskainiko dituzte. Azkenik dirulaguntzak jaso nahi dituzten herritarrek A2ko euskera maila eduki edo berau lortzeko ikasten egongo dira. Administrazioek helburu horiek betetzeko laguntzak eskainiko dituzte: ekonomikoak, ikasteko doakotasuna, etab.

  2. Iñigo Urizar

    5.4.2. puntuari dagokionez, garrantzitsua iruditzen zait Euskal Autonomi Erkidegoko bi hizkuntz ofizialak maila berean jartzea, hau da, aitorpen berdina egitea biei. Gaur egungo Espainiako Konstituzioko 3. artikuluan zera aipatzen da: "El castellano es la lengua española oficial del Estado. Todos los españoles tienen el deber de conocerla y el derecho a usarla." Artikulu hori indarrean dagoen bitartean, eta berdintasunaren izenean, euskeraren derrigortasuna ere aipatu beharko luke Estatutuak.

  3. Josu Albero Rodriguez

    VI. Oinarriaren 5.4.2. atalean aipatzen da Herritar guztiek dutela eskubidea euskara ikasteko, doan, bizitzan eta lanean normal moldatzeko komunikazio-gaitasuna eskuratu arte. Gaur egun hori (doakotasuna) ez da gertatzen. Nire iritziz bermatu beharko litzateke Euskal Administrazioak baliabide guztiak jartzen dituela, euskararen ikasketa prozesua, ziklo guztietan, doan izateko. Euskara ikasteak ez luke inoiz ekarri beharko ahalegin ekonomiko bat egitea. Horretaz gain, Administrazioak kanpainak sustatu beharko lituzke erdaldunak euskararen mundura erakartzeko.

  4. julen bengoa meabe

    Eskubideak benetan blindatzeko Euskal Herriko Eskubide Sozialen karta aintzat hartu beharko du .